Numerikoaren infernua
Teknologia numerikoen ibilarazteko historian zehar gizakiek eraiki duten azpiegitura material handiena bilakatzen ari da.
Gezurrekin bizitzen usatuak gira. Gure buruari kontatzen dizkiogun historiak edo politeziaz eta ingurukoekin ongi moldatzeko erraiten ditugun egi erdiak bezala. Badira halere irensten ditugun beste munta bateko uste faltsuak. Unibertso numerikoari buruzkoa adibidez, gure bizitzan egunero eta gero eta gehiago erabiltzen duguna. Dena uhin eta fluxu, materiala baino birtualagoa, arazo askori etorkizuneko aterabidea omen eta ingurumenarentzat kalterik gabekoa noski.
Ipuin hori sinestarazi nahi digute delako GAFAM horiek, Google eta konpainiak, eta guk ere sinetsi nahi genuke, komunikazio eta informazio teknologia horiek ekarri dizkiguten abantail, errextasun, eta irekidura intelektualaz bakean gozatzeko.
Atera berri den “Numerikoaren infernua”* izeneko liburu batek gezur sozial hori leherrarazten du. Teknologia numerikoen ibilarazteko historian zehar gizakiek eraiki duten azpiegitura material handiena bilakatzen ari da. Hasi sakelan dugun mugikorretik, antenak, satelitak, lur eta itsaspeko kableak edo zuntz optikoak, data center erraldoiak arte, cloud edo hodei famatuaren gibelean gordetzen den errealitate gordina.
Tresneria guzti horien ekoizpenak kutsadura larria eragiten du, gure begietatik urruneko kontinenteetan, Txinan edo Afrikan. Eta teknologia horien ibilarazteko gero eta energia gehiago behar da. Dagoeneko berotze efektuan eragiten duten gazen %4 ekoizten du, aireko garraioak baino bi aldiz gehiago.
Kapitalismoaren eldorado berria bilakaturik, teknologia numerikoen garapena kontrolatik kanpo direla diote adituek. Alde batetik alimaleko etekina ekartzen diolako kapitalari eta bestalde ekarpen zinez baliagarriez gain, dependentzia handia sortu digulako. Nonahi, noiznahi, dena berehala eskuragarri. Horra aro numerikoak desiratzera usaiatu gaituena. Internet orri bat afixatzeko segundu batzuk goaitatu behar badugu, ufaka hasten gara. Telefonoz deitzeko koberturarik gabe gelditzen bagara, berdin.
Alta unibertso numerikoak muga fisikoak ditu eta luze gabe bere garapena eta gure ohiturak galdezkatu beharko ditugu, bizidunen geroa zalantzan ezartzen duten gainerateko industria kutsakor, jabetasun pribatu eta kapitalismoaren logika bera bezalaxe.
*L'enfer numérique - Voyage au bout d'un like
Guillaume Pitron
Les liens qui libèrent