Nazionalismo frantsesaren iturburuak Iparraldean
Aurtengo azaroaren 11 kari agertu banderolak eta tindaketak eman dute zer aipa. Gai hori dela eta, 1997an Emilio Lopez Adan, Beltzak idatzi testua publikatzen dugu hemen.
1914-1918 Gerlak ondorio nabariak izan zituen Ipar Euskal Herriko jendeen kontzientzia nazionalean. 1789 baino lehen, Nafarroa erresuma bat zen eta Lapurdi eta Zuberoa forudunak; Iraultzak Antzinako Erregimena suntsitu eta frantses estatuko herri guztientzat sistema politiko eta administratibo bat eta bakarra sortu zuen. Baina estatu nazionala egiteak ez dakar menpekoen berehalako atxikimendua, ez eta, besterik gabe, kontzientzia nazional bat eta bakarraren garatze eta onartzea. Hemeretzigarren mendean zehar, Ipar Euskal Herriko biztanle gehienak beren Antzinako Erregimenaren balore sozial eta politikoei lotuak egon ziren, eta ez zuten barnatu Errepublikari fideltasuna, are gutxiago kontzientzia nazional frantses modernoa. Jarrera sozial horren adierazgarri, hiru adibide emango ditut:
1/ Etxaldeak zatitu gabe mantentzeko eta ondorengo bakar bati etxea eta funtsak emateko hautsi-mautsi juridikoak. Honela Erregimen tradizionalaren zuzenbidean bezala jarraitzen zuten eta Napoléon Kodea ez zen betetzen: denek zekiten eta onartzen zuten jokamolde hori, notarioek lagundu eta administrazioak irentsi.
2/ Frantziako armadan eta gerletan parterik ez hartzeko, mutil gazteen intsumisio handia. Hori izan zen Ameriketarako emigrazioaren etengabeko iturria eta fenomeno ezaguna da Pirinio guztietan, bereziki Euskal Herrian, hemen izan baitzen Frantzia barneko erresumetan baino askoz handiagoa.
3/ Bizi politikoan, euskaldunek Errepublikaren etsaiei, xuriei, eman zieten sostengua XIX mendean. Gorriak usu estatuaren funtzionarioak ziren, errientak barne; xuriak, berriz, sozietate eta bizimolde tradizionalaren jauntxoak, apezek sostengaturik. Xuriak fedearen, eliza katolikoaren eta, omen, euskararen alde ziren, eta klarki erraten zuten Errepublika laikoaren aurka zirela.
Errepublika frantsesari erresistentzia antzinako bizimoduen izenean egin zen, eta ez batere euskal nazionalismo modernoagatik. Modernitatea Errepublikarekin uztartua zetorren eta, denboraren denboraz, gero eta jende gehiago integratu zen frantziar sisteman. Herri xehearen baitan, errientek bereziki erein zituzten frantses hizkuntza eta frantsestasuna; soldadutzatik, batez ere 1872tik aitzina, frantses hizkuntza ikasirik itzultzen ziren gazteak ere dira aipatzekoak. Bide integratzailearen erantzukizun nagusia jauntxoek ukan zuten. Haietarik anitz ibiltzen zen Paben, Bordalen edo Parisen negozioak ontzen eta politika egiten. Bestalde, sozietate tradizionala zuzentzen zuten Elizaren sostenguaz. Horrela, jende xehearen eta estatu modernoaren arteko bitartekoak ziren. Mende hasieran Errepublikaren etsaiak izanik ere, gero onartu zuten eta herriak jarraitu zien. Frantziako eskuina Errepublikarekin akomeatu zenean, izpiritu antierrepublikanoa aldatu eta baztertu zuten. 1871an Eliza eta eskuindarrak Pariseko Komunaren beldur izan ziren eta ordenuzko Errepublika hobetsi zuten; 1890tik landa aukera monarkizalea irrealistatzat jo zuten eta Errepublika gobernatuz erligioaren eta propietatearen interesak hobeki defendituko zituztela argi eta garbi erabaki zuten. Jauntxoek eta apezek Frantzia eta Errepublika onartuta, jende xeheek bide bera hartu zuten. Aurretiko horiek sortu alorrean, Gerla Handiak ekarri zuen kontzientzia frantsesaren zinezko barnatzea. 1914Ko Gerlak ikaragarrizko triskantzak eragin zituen. Gudak ez zuen soilik gizon gazte anitz hil eta zauritu; lau urtetako etengabeko odol isurketak belaunaldi osoa kolpatu zuen sakonki. Ikara honetatik jalgi zen frantses abertzaletasun guztiz sutsua eta, horrekin batera, Iparraldeko erabateko frantsestasuna.
1914an, Ipar Euskal Herrian kontzientzia frantsesa ez zen oraino aski hedatua abertzalekeriaren oldarrak sortzeko. Baionan salbu, ez zen hemen gerla eta alistamentuaren aldeko mugimendu handirik izan. Alderantziz, hemeretzigarren mendeko ohiturei jarraituz, gazte askok intsumisioa eta emigrazioa hautatu zuen eta, gerla aitzina zihoala, desertore aski ere izan zen. Horretaz ez dugu oraino lan monografiko sakonik eta artikulu honek ez du pretentsione historiografikorik, baina datu bakan batzuetatik estrapolazioak egin daitezke. Itxuraz, 10.000 gazte inguru joan zen intsumiso, ez denak gerla garaian baitezpada, lehenagotik Ameriketan zirenak ere deituak izan baitziren eta haietarik kasik inor ez baitzen etorri: haiek ere intsumiso izan ziren kontsideratuak eta kopuru osoaren erdia baino gehixeago ziren. Datu argigarri bat: Baigorriko kantonamenduan intsumituak mobilizatuen bi halako izan ziren eta Garazin parekoak ziren bi taldeak.
Desertzioa ere oso nabaria izan zen, eta jendearen konplizitatea zeukan : Departamentuko datuak ditugu soilik, eta lehen bezalako estrapolazioak eginez, erran daiteke euskal desertoreak 700 inguru izan zirela. Garaian garaiko testuak hor dira, eta argi erakusten digute autoritateak mesfidatzen zirela euskaldunen abertzaletasun frantsesaz; ondorioz, muga ondoko kantonamenduetako soldadueipermitsioneak kendu edo urritu zizkieten, gutunak zentsuratu eta, 1915ean, permitsioneetan etxean egotea debekatu zien, baita zaurituei edo eriondoan zirenei. Gendarmeriak aski lan handia ukan zuen desertzioaren aurkako borroka honetan.
Eman ditudan datuak zehaztu behar badira ere, ukaezinak dira gerlari ihes egiteko jarreren hedadura eta eragin soziala. Euskaldun anitzentzat gerla gauza arrotza zen eta ez zuten batere onartu Frantziaren alde bizitzaren arriskatzea. Etxean zein auzoan eritzi bera zuten askok eta tolerantzia handia gehienek. Honek erakusten du kontzientzia nazional frantsesaren sarketa oso azalezkoa zela.
Gero, gauzak guztiz aldatu ziren. Gerlak 6.000 hil egin zuen Ipar Euskal Herrian, eta denak gazteak. Kostaldeko hiri handiak kontutan hartu gabe eta Barnealdeko kantonamenduetako datuen arabera, Ipar Euskal Herriko biztanleen kasik ehuneko lau hil zen gerlan; pentsa dezagun zer den hogei hil Arberatzen, hamalau Lekuinen edo berrogeita hamabost Eskiulan, herri hunkituenetarikoak aipatzeko. Hunkidura soziala ikaragarria izan zen, lau urtez mantendua. Horrek egoera hauta sortu zuen “Batasun Sakratua” finkatzeko. Gerla bukatu eta, gorriak eta xuriak denak ziren frantses abertzale, nehungo dudarik gabe. Abertzalekeriaren alorrean, hain zuzen, jauntxo eskuindar bat izan zen nagusia: Ybarnegaray. Gerlari ohien xantrea, pilotarien buruzagia, elizaren kutuna, laborari xumeek administrazioan behar zituzten “mesedeen” bideratzailea, fideltasun pertsonalen amaraunaren erdian finkatu zen jaun eta jabe, eta atxikimendu pertsonalen gainean finkatu zuen bere boterea. 1914 eta 1940 artean mogiezinezko deputatua izan zen. Horiek hola, gerla ondoko urteetan administrazioak, jauntxoek eta elizak, denek batera, kontzientzia nazional frantsesa barreiatu eta barnatu zuten Ipar Euskal Herri osoan. Lekuan lekuko jauntxo eta politikariek onartu eta indartu zutelako ukan zuen oihartzuna Paristik egindako presione abertzalero handiak. Laster, eskolaren hedapenak, jendeen mugikortasunak eta komunikabideen sarketa domestikoak emanen zioten azken bultzada kontzientzia frantsesaren barnatze masiboari.
Alta, ezin erran dezakegu kontzientzia nazional frantsesaren sartzea estatuaren eta bertako jauntxoen inposaketa bortitz soila izan zela. Boteretsuen bortizkeriak ukaezinak dira : inposaketa izan zen sistema politiko eta juridiko propioaren suntsitzea; eskola eta soldadutza obligatorioaren bidez euskal kultura eta hizkuntzaren ukapen huts eta autoritarioa egin zuten; jauntxoen klase- interesek Frantziako sistema burgesean sartzera eraman zuten herri osoa. Horrekin batera, argi erran behar dugu gure herritar xehe anitzek ere Frantziaren alde jo zutela, eta usu interes pertsonala zutelako. Lekuko, gerla denboran izan ziren desertoreen aurkako salaketak, bai eta euskal prentsan intsumituak arbuiatzeko abots ozenak ere. Gero, gerlari ohien elkarteek hartu zuten protagonismo publikoa.
Lubakietatik etxera itzulita, gerlari ohi anitzek bereganatu zuten abertzalekeria frantsesa. Autoritateek lausengatu zituzten eta herrian bertan ohoreak eta, batzuetan, mesedeak eskaini zizkieten. Are gehiago, gerlan bereak eta bost sufrituz geroz etxaldea eskuratu zuten ondoko semeek, ez zuten begi onez ikusten erbestera ihes egin premuen lasai itzultzea, antzinako legeen arabera berea zena eskatzeko. Errepublikak desertore eta intsumituak desohoratu eta ohildu zituen betirako eta gerlari ohien elkarteek indar berezia egin zuten zigorrak atxikiarazteko, jakinik ere zigortuak beren familia propioarenak zirela. Hona hemen nola kontu-garbiketa horiek euskaldun anitzei oso interes sozial eta ekonomiko zehatzak eman zizkieten gerlari ohien mistika bereganatzeko eta iraunarazteko. Testigantzak hor dira bildu nahi dituztenentzat.
Gerla Handiak malur ikaragarriak ekarri zizkien denei. Intsumisioa, desertzioa eta desherriratzea kanporat joan zirenentzat; gelditu zirenentzat heriotza, errepresioa eta beldurra lau urtez. Gero, familietan herra eta gorrotoak kutsatu zituzten bakearen fruituak. Sufrimendu horien gainean, estatuak, funtzionarioek, jauntxoek eta elizak eraiki zuten kontzientzia nazional frantses modernoa, gure nortasun nazionalaren zanpatzailea. Bai, hilek errespetua dute merezi, baina euskal abertzaleak ez du zertan ospatu azaroaren 11a.
Beltza