ITAIA, Emazte Sozialisten Antolakundea
ITAIA, Emazte Sozialisten Antolakunde politikoa da. Hastapenean, blog baten bidez hausnarketak mahaingaineratzetik, garatuz joan diren ideia eta gaitasunen bilakaerek antolakunde baten sorrerara ereman dute Euskal Herriko eskualde desberdinetan. Eskualdeetako zapalkuntza zehatzei erantzuteko lokalki errotzen bada ere, nazio mailan antolatua da. Iparraldean ere 2020eko urrian agertu zen antolakunde gisa.
Mugimenduaren berezitasuna(k); zertan ezberdintzen beste mugimenduetatik ?
Genero problematika gizarte kapitalistan kokatzea beharrezkoa iduritzen zauku, genero zapalkuntzaren estrukturak osotasunarekin duen harremana ulertzeko. Hala nola, auzi isolatu gisa ulertu ordez, formazio sozial oso baten tresna funtzionala bezala identifikatzen dugu.
Bide horretan, feminismoa nola ulertzen dugun berriz galdezketatu nahi dugu : zer oinarri ditu feminismoak ? Zer helburu eta noren interesak defenditzen ditu ? Gaur egungo feminismo burgesaren ideologia ez dugu partekatzen. Hortarako, ez dugu feministak girela aldarrikatzen, nahiz eta funtsean feministak giren emazte langileek pairatzen dugun genero problematikarekin bukatu nahi dugulako. Etika horrekin identifikatzen gira bainan ez feminismoak, ideologia bezala hartu duen bide politikoarekin.
Feminismoaren aldeko aldarria egunerokoaren parte bilakatu delarik, argi dugu alderdi politiko parlamentarioek eta feminismoak, ez diotela aterabiderik emaiten txartzen ari den emazte langileen egoerari. Alde batetik, feminismoa instituzioen bisaia garbiketarako erabilia delako eta bestetik, kapitala metatzen segitzeko merkatu berria bilakatu delako. Proposamen feministen gehiengoa ere ez da arazoaren errora abian ez duelako egitura kapitalistaren iraultzeko beharrezkotasuna emazte langilearen askapenarekin lotzen. Aldaketa kulturaletara mugatzen dira, arazo bakotxa isolatuki ulertuz eta beraz, aldaketa sozial sakon baten beharra baztertuz. Alta, egunerokoan bizitzen ditugun zapalkuntzen motorea borrokatu behar dela uste dugu, hala nola, kapitalismoa.
Aldarrikapenak, ekintzak, borroka moldeak...
Pairatzen ditugun zapalkuntza fenomeno oro identifikatu eta hauen kontra borrokatzeko proposamen politikoa garatzea dugu helburu. Hortarako, lan ildo desberdinak abian jarri ditugu emazte langileak elgarren artean antolatzeko baliabideak sortzeko. Alde batetik, teoria eta praktika elgarrekin joaiten direla uste dugunez, oinarrizko formakuntzarekin hasiak gira lanean, emazte langileek, gure egoeraren kontzientzia eta hau aldatzeko ardura har dezagun. Bestetik, emazte langileei gune babestuak eskeintzerako bidean, indarkeria matxistaren kontra borrokatzeko tresnak sortu nahi ditugu. Bukatzeko, emazteen lan karga doblea arintzeko borrokak ereman ditugu, denek bizi baldintza berak ukan ditzagun, zapalkuntza bakoitza identifikatu eta horrek egitura ekonomiko kapitalistaren baitan zein funtzio betetzen duen aztertuz.
Norabide argi batekin ari gira militatzen, jendarte komunistaren eraikuntzaren eta beraz, zapalkuntzarik gabeko gizartearen eraikuntzaren bidean, emazteen askapena gorpuztea dugu xede. Gaurdanik programa sozialistaren baitan lan egin nahi dugu.
Feminismoa, borroka bat gehiago edo "borroka integrala" jendartea eraldatzeko ?
Aipatu bezala, Itaian genero zapalkuntza kapitalismoaren baitan kokatzen dugu, sistema kapitalistari genero zapalkuntza beharrezkoa baizaio dirua metatzen segitzeko eta beraz, bizirauteko.
Horretarako, sozialismoa ardatz, jendartea bere osotasunean borrokatzera deitzen dugu. Emazteen askapen erreala ekoizpen ereduaren suntsipenarekin batera eginen dela uste dugu. Horretarako, subjektu politikoa langile klaseak izan behar du, subjektu hori izanen baita gizarte kapitalistari integralki buru eginen dion programa unibertsala garatzen ahal duen bakarra.
Alderantziz, genero problematikak borroka isolatu baten gisa eremaiteak, errekuperazioaren lanjerra dakar berekin, industria kulturalak arrunt bereganatu ahal izan duen bezala adibidez.