Feminismoak gaur egun
Emazte eta/edo feministen mugimenduei buruzko elkarrizketak egin dira bloga honendako, batez ere Ipar Euskal Herrian. Beste testu edo elkarrizketa batzuk, beste nonbait irakurriak, argitaratuak dira ere, galdera edo problematika interesgarriak plazarazten dituztelako.
90eko hamarkadaren bukaeratik mugimendu feminista, mugimendu feministak, berritu eta berriz agertu dira, indarrean eta ainiztasunean. Hasieratik pluraltasun handi batek markatua, askotarikoa da bere forma, baieztapen eta adierazpenetan, hemen beste toki batzuetan bezala.
Sakoneko eztabaidek mugimendu horiek zeharkatzen dituzte, eta, xumeki parte hartzeko asmoz, hitza talde ezberdin batzuei proposatu zaie, beste hitz-hartze batzuk motibatzeko.
Hasteko, talde hauen elkarrizketak argitaratu dira: ITAIA, ZUTIK !, baita Poitierseko feminista iraultzaileen testu bat ere. Bestalde, beherago PAF! (Pour une alternative féministe !) taldearen aurkezpena irakur daiteke.
Ipar Euskal Herriko mugimendu feministei buruzko ikuspegi oso eta zehatz baterako, ikus PAF !, Feminismoaren genealogia Ipar Euskal Herrian argitaratutako liburua; ikuspegi historikoa eta gaur egun aktibo diren taldeen argazkia eskaintzen du.
PAF taldearen aurkezpena
2009ko martxoan sortu da PAF ! elkartea (Pour une alternative feministe/Alternatiba Feminista baten alde). Hastapenean, sexismo arruntak harriturik eta genero gaiez interesaturik, lau laguneko talde bat biltzen zen eztabaidatzeko. Simone de Beauvoirek Bigarren sexua liburuan abiatu gogoetan oinarrituz, «Ez gara emazte sortzen, emazte bilakatzen gara », PAF ! aldatu egin zen eta bere burua feminismoaren korronte bat baino gehiagotan kokatu zuen : feminismo intersekzionala, transfeminista, antikapitalista, ekofeminista, etab. Genero gaiez informatzea eta sentsibilizatzea du helburutzat PAF!-ek, sexismoa eta diskriminazioak salatuz, gogoeta eta ekintza ezberdinen bitartez.
Auto-hezkuntza, formakuntza, baina ere umorea, trufa, bere buruaren trufa, sartzen ditu beti PAF !-ek bere ekintzetan. Izan ere, formakuntza teorikoari dagokienez, Upop-ak (Herri Unibertsitateak) plantan ezarri ditu PAF !-ek : hitzaldi, tailer, eztabaida, etab. formako formakuntza eta gogoeta egunak.
Ekintza guzi hauei gehitzen zaizkie ere auto-finantzatze gaualdiak (kontzertuak, gai batzuen inguruko gaualdiak), proiektuak finantzatzen eta aldi berean mezu feministak molde informalagoan hedatzen dituztenak.