Eraiki nahi dugun jendarteari buruzko gogoeta batzu
Hara iparraldeko pasearen kontrako taldearen baitan (Nora Goaz?-Ez PASS de liberté!) eztabaidatzeko ekarri nuen testua. Gure eta inguruko lagun batzuen azken urteetako ideia orokorrak argitzen eta laburbiltzen entseatu niz. Testu huntan kolektiboko kideer zuzentzen natzaie baina beste edozoin borroka sektorialeko koletiboko kideer izaiten ahal zen...
Guretako jendarte hunekilako egonezina edo desgustua ez da inposatutako pass-arekilan hasi, deia hor zen. Pentsatzen dut, zietariko ainitzendako bezala... Pass-a ahalbidetzen eta beharrezkoa duen sistema kapitalista irauli edo desegin nahi dugu eta logika hortik at diren, izaiteko , bizitzeko eta harremantzeko manerak sortuz edo berriz sortuz.
Azkenean, Pass-a horren gibelean jokoan diren arazo larrienak sistema numerikoa bera (objektu "konektatuen" sarea, izakien gaineko kontrol sozial/poliziala (Txinako kreditu soziala), trazabilitate orokorra, suposatzen duen besteeikilako harremana, gure izaera bera, transhumanismoruntz eta totalitarismoruntz joaiteko joera) eta bere garapena beharrezkoa duen sistema kapitalista direla argi dugu. Pass-arekilan, orain arte zena oraino gehiago agerian ezarria da, logikoa den beste etapa bat baizik ez da... gero eta gogorrago/autoritarioagoa izanen dena ez baldin badugu errotik norabidez aldatzen.
Sinplifikatzeko, gure jendarte ereduaren muinean diren 2 ezaugarri onartezin ikusten ditugu:
1-jendartea antidemokratikoa dela: erabaki guneak gero eta urrunago gelditzen zauzkigun modelo errepresentatiboan antolatua dena. Gure biziko arlo guzietako gaitasunak eta ardurak delegatu ditugun bezala gure antolatzeko eta erabakitzeko gaitasunak delegatu ditugu. Gure bizia gure esku izaitetik, gero eta urrunago diren beste gutti batzuen esku izaitera pasa zauku.
2-jendartea kapitalista dela: besteen (beste pertsona/izakien) esplotazioan eta dominazioan oinarritzen dena, merkatu logika segituz... Gure biziko esparru guziak interes ekonomikoen arabera bideratuak eta baldintzatuak dira (kapitalaren sortzeko eta metatzeko).
Elgarrekin abian diren bi parametro nagusi horiek borrokatu ezean borroka sektorialek ez dutela gauza haundirik aldatuko pentsatzen dugu, beti erreakzioan eta ziloak tapatzen arizanen baigira, eta gainera, beti berantan: pass-aren kontrako borrokan, laborantxa industrializatuaren kontrakoan, espekulazioaren kontrakoan, numerizazioa edo informatizazioaren kontrakoan, lurra eta orokoki gure biziaren merkantilizazioaren kontrakoan, patriarkatuaren kontrakoan, Abiadura Haundiko Treinaren (TGV) kontrakoan; arlo desberdinen pribatizazioaren kontrakoan, Jitez Aldaturiko Organismoen (OGM) kontrakoan, arrazakeria/faxismoa/diskriminazioaren kontrakoan, edota etxebizitza duin baten aldeko borrokan, presoenan, euskararenan, langileenan, emazteenan (borroka feminista), etorkinenan, agroekologiarenan, inguramenarenan, klimarenan, haurren instrukzioaren eskubidearenan, etabar luzea... Borroka guzi horien arteko loturak eta bereziki horien logika orokorrak aztertu gabe ari bagira energiak barreatzen ari gira. Eta ez dugu erraiten borroka horiek ez direla ereman behar baizik eta, eremaiterakoan logika orokorrak edo barne logikak gogoan atxiki behar ditugula.
Beraz bi parametro haundi horien iraultzeko eta horier zinezko alternatiba orokor bat edo batzu sortzeko proposamena: estatu eta merkatu logiketatik kanpo izanen liratezken BILTZARRAK sortzea litzateke : elgarrekin eta lokalki antolatzea. Bizia bere osotasunean guhauren artean erabakitzeko eta kudeatzeko ahalmena emaiten duen antolaketa bultzatzea. Burujabetza kolektiboak antolatuz eta saretuz: elikadura, osagarria, energia, etxebizitza/bizitegia, heziketa, elkar-zaintza...
Aldiz sistemak errekuperatzen ahalko ez dituen alternatibak/aterabideak sortzeko bizi dugun egoera ahal bezain untsa ulertzea eta sakontzea garrantzitsua iduritzen zauku: kapitalismoaren jatorriak (edo posible egiten duten faktore/osagai desberdinak untsa identifikatzea: menpekotasun/dominazio/bortzikeria, patriarkatua, esplotazioa, ondasunen eskuragarritasun ezberdintasuna, estatua...), bere ezaugarriak (merkatuaren logika, lehia, balorearen logika, moneda) eta bere barne logika untsa aztertuz.
Bestalde, borroka sektorialetan, ainitzetan, kontrako energiekilan (energia negatibo/suntsitzaileekin) ari gira: sistema zapaltzaile huni aurre egitea garrantzitsua delako bizirauteko. Esplotazioan oinarritua den sistema kapitalista/numeriko/industrial/autoritario hau borrokatzea beharrezkoa zauku: informatuz/aztertuz, kritikatuz/salatuz eta ekinez/eraginez. Baina aldi berean indar positiboak/eraikitzaileak ere behar ditugu: elkartasunezko bizi autonomo kolektiboak antolatu eta martxan ezarri.Bi indarren arteko orekan sinesten dugu… Hurbilenekoekilan alternatiba saiakerak bizi sistema kapitalista saihestuz eta urrunagokoekilan jendetasunezko harremanak garatu elkarlagunduz.
Egia da ere, lagun batzu baditugula kontrako energiarik gehiago xahutu nahi ez dutenak. Kontra eginez sistema elikatzen baitugu (bera indartzeko baliatzen baitu). Azkenean, kontra egitea, onartzen ez dugun sistemaren barnean egoitea baita, sistema bera anulatu edo sistematik ateratzeko proposamenik garatu gabe…