Deiadar OSTIA bat
Amalurra etxea
herria euskara...
Amalurra etxea
herria euskara
mendez mende lur huntan
bizi gara jada
arbasoen irrintzin
oihartzuna hara
lurra ez da gurea
lurrarenak gara
Lurra landuz sendotu
zitzaigun gerria
eraiki etxe auzo
hiri baserria
euskaraz sortu gara
zahar ta berria
lurra dugu oinarri
gu gara herria
Bainan arrotzak dabiltz
herriaz jabetuz
eta herritar batzu
etxe lurrak salduz
euskaldun asko ere
nortasuna galduz
ohartzen ez direla
erdaraz espantuz
Amalurrak jatera
negu eta uda
amaeuskara gure
iturriko ura
amaeuskalerriak
babesa mundura
ama saltzen duena
zer jende da hura
Hauxe da gure gaitza
hauxe gure drama
oraikoan lurpetik
piztu da alarma
nahiz galdua dugun
kaputxaren xarma
ekintza zuzena da
orai gure arma
Berriz altxa ditzagun
ukamilak gora
bizirik nahi badugu
segitu gerora
oraino luzaroan
atxiki beharko da
gurasoen etxea
zaintzeko aizkora
Herriak segi dezan
euskaraz kantari
ta abisu ttiki bat
sosdun tratulari
deiadar OSTIA bat
hedatuz da ari
herria bizi dadin
lotu borrokari !