"Barkamena eskatzen diegu torturatuak izan diren pertsonei"
Ez, esaldi hori sekulan ez duzue entzun Euskal Herrian...
Iparraldeko zonbait zinematan ikusgai dugun “Non dago Mikel ?” dokumentalak Mikel Zabaltzaren heriotza guardia zibilaren eskuetan kontatzen digu. Hunkigarria bezain sumingarria, kasuaren inguruko egia oraindik ofizialki argitu gabe gelditzen dela jakinik.
Bainan muturreko kasu dorpe honetatik haratago, filmak oroitarazten digu, eta belaunaldi gazteei jakinarazten dohaike, atxilotuentzat Hego Euskal Herrian, tortura zela eguneroko ogia. Torturaren bizipen zuzena milaka herritarrek jasan dute, eta zeharka ehun milaka, atxilotuen ahaideak eta lagunak kontutan hartuz.
Ez soilik 40 urteko diktaduraren garai ilunetan baizik eta gaizki izendaturiko “espainol demokrazia gaztean” ere. Ez soilik trantsizio aurreko poliziek lanean segitzen zutelako baizik eta beren lankide berriek inpunitatearen babespean, ildo beretik ari zirelako. Ez soilik espainol indar armatuen kuarteletan baizik eta Ertzaintzaren zonbait komisaldegitan ere bai.
Atxilotuentzat tratu txarrak ez ziren salbuespena, polizien arteko ardi beltz batzuen gehiegikeriak. Tortura sistematikoa bezain sistemikoa zen. Hots, atxilotuari informazioak ateratzea baino, tortura euskal populuaren errebeldia gobernatzeko politika zen. Jendea ikaran atxiki eta zigor kolektiboa aplikatu jendarteari, euskal gudariak existitzeagatik.
Gaur egun hedabide nagusietan Euskal Herriko azken hamarkadak aipatzerakoan, Estatu bortizkeria, komisaldegietan, kale kontroletan, manifetan historiatik desagertu da. Kasu hoberenetan gerla zikina aipatzen da baina lerratze bat bezala. ETAren bortizkeria soilik gelditzen da panoraman, irrazionala, despolitizatua. Ondorioz, are zailago da iragana ulertzea, gatazkaren dinamika, eta hamarkadetan milaka pertsonen engaiamendua ekintza armatu klandestinoetan.
Borroka armatua sustengatu edo kondenatu ez dutenei behin eta berriz biktimei barkamenak galdegitea eskatzen zaie, Carrero Blanco edota Melitón Manzanas* bezalakoengatik ere bai. Eta sekulan ez da aski. Noiz eskatuko dute barkamena espainol Estatuak, Audientzia nazionaleko juje famatuek, Eusko Jaurlaritzak berak ere, urte luze haietan tortura erabili edo babestu eta errotik ez desagertarazteagatik ?
*1968an ETAK erahil zuen torturatzaile famatua